Klimagune Workshop ekimenak, topaketa zientifiko berritzailerako foro izan nahi du, klima-aldaketarekin lotuta dauden aktore desberdinak bilduz, hala nola, zientzialariak, maila ezberdinetako kudeatzaileak, enpresa pribatuak, komunikazio-arloko profesionalak, ingurumen, gizarte eta garapenarekin lotutako gobernuz kanpoko erakundeak eta herritarrak, orokorrean. Foro honen helburua elkarrizketa eraikitzailea sortzea da, ezagutza zientifikoa, kudeaketa eta gizartearen parte-hartzea klima-aldaketaren aurrean egin beharreko lanean uztartuz, diziplina-arteko hesiak gaindituz eta ikuspegi partekatua eraikiz.
Aurkezpena

Orain arte, Klimagune foroan hainbat zeharkako gai jorratu izan dira, alegia, egokitze estrategiak Euskal Herrian, ekonomia berdea, iraunkortasunerantz egin beharreko trantzisioak, landa-ingurunearen aukerak eta erronkak klima-aldaketaren aurrean edo klima-aldaketaren zientziaren komunikazioa.
Klimagune Workshop zortzigarren edizio hau 2019ko ekainaren 7an ospatuko da Bizkaia Aretoan, Bilbon. Klima-aldaketak hirietako klima-aldaketari egokitzeko plangintzak dituen erronkei helduko dio aurtengo edizioak. PROCESA proiektuaren baitan antolatutako jardunaldia da eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Fundación Biodiversidad erakundearen babesa du.
Jardunaldia Eric Chu ikerlariaren hitzaldiarekin zabalduko dugu, hiri erresilientzian eta adaptazioan aditua, zientzia eta praktikaren erlazioak aztertuko dituena, baita hauek egokitzapenaren erronkei aurre egiten eta aukera berriak sortzen nola lagundu dezaketen. Ondoren, Europako hirietan egokitzapenaren egoera aztertuko dugu eta jarreiean PROCESA ikerketa proiektuko emaitza nagusiak aurkeztuko ditugu, honen baitan Espainiako hirien adaptazio politiken ebaluazioa burutu baita. Jardunaldiaren bigarren zatiak hirien erronka nagusiak izango ditu oinarri, Murtzia, Bartzelona eta Donostia hirien esperientziak nabarmenduz.
Ikuspuntu aplikatu batetik, udalerrietako teknikari eta kudeatzaile, ikertzaileei, enpresei edota klima aldaketaren baitan sartuta dauden erakundeei zuzendutako jardunaldia da. Orohar, ikuspegi eta plangintza lokalaren praktika hobetu eta klima-aldaketa hirietako erabakietan integratzeko interesa duten guztiei zuzendutako jardunaldia da.